2023/08/21 | 16:00 – 19:00
Dantzen ustez, musika elektronikoa genero musikala baino askoz gehiago da, pertsonek musikarekin eta haien inguruko munduarekin duten harremana eraldatu duen kultura da. Hori dela eta, Dantz-ek, UPV/EHUko Gizarte Psikologia Sailarekin lankidetzan eta Xavi Minguez Alcaide doktorea koordinatzaile duela, musika elektronikoak pertsonengan maila pertsonal eta sozialean dituen eraginak aztertzeko ikerketa-proiektu aitzindari bat gidatzea erabaki du.
Dantz-ek kultura hau zabaltasunetik ulertzen du, non diziplina eta estilo ezberdinak dauden, eta esperientzia eta proiektu ezberdin, zirraragarri eta berritzaileak sortzeko aukera ematen duen. Komunitatea, musika eta ondare kulturala erdigunean daude. Dantz-entzat komunitatea jarduera guztien muina da, horregatik askatasun-guneak sortzen dituzte, sozializatzeko, esperimentatzeko, sortzeko, eta musika elektronikoaren bidez bizirik sentitzeko.
Horrela, “SOUND MINDS-musika elektronikoaren iruditeria soziala sortuz” izeneko ikerketak, musika elektronikoaren konplexutasuna fenomeno sozial gisa ulertzea du helburu, baita estereotipo, klixe eta aurreiritzietatik urrun dagoen iruditeria berri bat garatzen laguntzea ere. Musika elektronikoa eta bere kultura estigmatizatu egin dira drogekin ustez duten loturagatik, musika errepikakor eta arimarik gabea ikusten da, eta DJak benetako trebetasunik gabeko botoien presiogile soiltzat hartzen dira. Hala ere, pertzepzio horiek mugatuak dira eta ez dute islatzen musika elektronikoaren eta bere komunitatearen aniztasuna.
Lehen urrats moduan, inkesta anonimo bat egin da formatu digitalean, musika elektronikoarekin lotutako elementu psikologiko eta psikosozial nagusiak ezagutzeko aukera eman duena, musika mota horrek inkestatuei sentiarazten dizkien motibazio eta emozioekin lotutako galderekin. Lortutako emaitzak parte-hartzaile guztiei helaraziko zaizkie, gure testuinguruan musika elektronikoaren dimentsio psikologikoa eta psikosoziala ezagut dezaten.
Gainera, bigarren fase gisa, eta jaialdiaren astearen barruan, galdetegitik haratago, musika elektronikoari buruzko hausnarketa kolektiboa egitera gonbidatuko dira parte-hartzaileak, elektronikaren munduko eragileen arteko elkarrizketatik abiatuta. Topaketa hori aurrerago jakinaraziko da.
Proiektuaren hirugarren fasea emaitzen aurkezpen publiko bat izango da, eta, ondoren, musika elektronikoko ekitaldi bat, komunitate horren dimentsio psikologikoa eta psikosoziala bizi ahal izateko.
Asistentzia konfirmatzeko: info@dantz.eu