Dantz Festival 2025-aren aurkezpen ofiziala

Sama Abdulhadi Palestinarrak, Estatu Batuetako Octave One bikoteak eta Alemaniako Helena Hauff-ek gidatuko dute Dantz Festival jaialdiaren bederatzigarren edizio ikusgarria. Dantz marka kulturalak, iazko martxoan lehenengo Dantz Network Congress edizioa ospatu ondoren, Dantz Point ugari antolatu eta beste hainbat proiektu garatu ostean, 2025eko Dantz Festival nazioarteko musika elektroniko eta abangoardiako jaialdiaren bederatzigarren edizioa iragarri du. Jaialdia abuztuaren 29an eta 30ean ospatuko da Donostian (asteko beste egun batzuetara ere zabalduko da), eta tokiko, estatuko zein nazioarteko aniztasun artistikoaren adierazpen handiena bilduko duen programazio artistiko batekin etorriko da.  Aurten, “Bidegurutzeak” izeneko editorialak, jaialdiak espazio komunak esploratzera eta desberdinen arteko gurutzaketak sustatzera gonbidatzen du. Horregatik, laster iragarriko dira gai honekin lotutako jarduera gehiago. Zortzi edizio igaro ondoren, antolatzaileen arabera, Dantz Festival kalitate artistiko paregabea duen jaialdia izango da, izan ere, Octave One, KiNK, Sama Abdulhadi, Surgeon edo DJ Hell bezalako artistak kartel berean ikustea ez da ohikoa. Azken hau dela eta, musika elektroniko garaikidearen norabidea markatu duten artista ezagunak eta gaur egungo eszena globalean nabarmendu diren sortzaile berriak uztartzen dituen planteamendua da. Horrez gain, tokiko eta estatuko eszena ikusgarriarekin lagunduta dator. ‘’Miramongo anfiteatroa (Miramón Multistage) izango da jaialdiaren bihotza’’.  Espazio honek, Miramongo ikono den anfiteatroa (Main Stage) eta goiko frontoia (Dantz Radio Stage) barne hartzen ditu, eta larunbateko jardunaldian bi eszenatoki izango ditu, elektronika esperimental eta sentsorialetik hasi eta kluberako erritmo indartsuetaraino. Ostiraleko jardunaldian, oraingoz, eszenatoki nagusia (Main Stage) erabiliko da. Dantz-ek bere proiektu kultural guztietan jasangarritasunaren balioa azpimarratzen duenez, edizio honen antolakuntzean Dantz Festival espazio bakarrean kontzentratzea erabaki du, hirian hainbat eszenatokik sor ditzaketen hondakinak murrizteko asmoz. Programazioak testura eta estilo askotariko proposamenak bilduko ditu, musika elektronikoaren panoramaren zabalera islatuz: ambient atmosfera lasai eta introspektiboetatik hasi, breakbeat, dub eta IDM egituretan barrena, technoaren adar klasiko, minimalista eta indartsuetaraino. Ez dira faltako elektroaren forma puruenak ezta fusio garaikide eta ausartak ere, esperimentazioan eta egungo eszenaren berrikuntzan oinarrituta. Guzti honek esperientzia oso eta esanguratsua eskainiko du, publiko anitz eta esperientzia eta sentikortasun berriak jasotzeko prest dagoenari zuzendua. Line-up-ak nazioarteko eszenako figura garrantzitsuak izango ditu, hala nola:
  • Sama Abdulhadi (Palestina), Palestinako eszena elektronikoko ahots artistikoa, erresistentzia eta askatasunaren ikur bihurtua.
  • Octave One (Detroit, AEB), Detroit-eko bikotea eta techno klasikoaren figura garrantzitsua, zuzeneko analogiko indartsu eta erritmoz beteen bidez ezagunak.
  • KiNK (Bulgaria), mundu mailako zuzeneko artistarik laudatuenetako bat, bere energia eta sormenagatik.
  • Helena Hauff (Alemania), Golden Pudel-eko ohiko egoiliarra eta Europako elektro, EBM eta post-punk soinuaren erreferente absolutua.
  • DJ Hell (Alemania), techno alemaniarraren legenda bizia, abangoardian hamarkadak daramatzana.
  • Surgeon (Erresuma Batua), techno britainiarraren aitzindaria, soinu industrial eta dub technoan eragin handia izan duen ikuspegi sofistikatuarekin.
Horrez gain, euskal eta estatuko eszenaren parte-hartzea nabarmenduko da, lurraldeko artista berritzaile eta sendotuekin, elektronikaren aberastasuna eta aniztasuna islatzen dutenak: Baldman (Madril), Rec_Overflow (Madril), Borja S (Bilbo), Celia Carrera (Iruñea), Hugo (Castro Urdiales), Nelli (Castro Urdiales), Irune Muguruza (Irun), Koldo Intermusic (Donostia), Ladrillovich (Valentzia), Obrium (Iruñea), Bitter Ama (Iruñea), Zatibi (Azkoitia). Dantz-ek horrela berresten du tokiko eta estatuko sormen-sarearekiko konpromisoa, eta nazioarteko testuinguruetan zabaltzeko helburua, hurbileko eta globalaren arteko elkarrizketa sortzailea nabarmenduz. Jaialdiko abonuak (abustuak 29 eta 30-erako) salgai daude dagoeneko jaialdiaren webgune ofizialean (dantz.eu/festival) honako tarteekin:
    • Early Birds 40 € (AGORTUTA)
  • First Release: 49 € (Momentuz eskuragarri)
  • Second Release: 59 € (laster)
  • Final Release: 70 € (azken sarrerak)
Datozen egunetan, eguneko sarrerak ere eskuragarri izango dira. Jaialdiaren astean zehar, musika sektorearen garapenera bideratutako jarduera paralelo profesionalak ospatuko dira. Dantz Academy-rekin prestakuntza jardunaldi bat eta networking saio irekiak antolatuko ditu, artistak, kultura-kudeatzaileak, ikasleak eta profesionalak biltzeko. Dantz Festival 2025-ek honako erakundeen babesa eta lankidetza ditu: Donostia Kultura (​​lehen ediziotik proiektua babesten duena), Laboral Kutxa, Radio 3, El Diario Vasco, DICE eta Keler, beste eragile batzuekin batera, jaialdi hau musika, kultura, lurralde eta berrikuntzaren arteko erreferente europar gisa sendotzen jarraitzen dutenak. Jaialdi honen baitan, musika eta kultura ospatzeaz gain, askatasuna, duintasuna eta justizia ere ospatzen du.  Gaur, Dantz-ek bere babesa eta elkartasuna adierazi nahi du herri palestinarrarekin, hamarkadetan zehar okupazioa, terrorismoa, desplazamendua eta indarkeria pairatzen ari den herriarekin. Palestina libre baten aldeko deialdi globalarekin bat egiten du, giza eskubideen errespetuaren eta bere biztanle guztientzako bake eta duintasunarekin bizitzeko eskubidearen alde. ‘’Musika, erresistentzia eta adierazpen moduan, arteak askatasunari ahotsa emateko tresna indartsua izan daitekeela gogorarazten digu. Bederatzigarren edizio honetan, harro gaude Sama Abdulhadi-rekin batera ahots hori entzuteko aukera izateaz’’. Dantz-ek esperientzia murgiltzaile, kritiko eta poetikoa proposatzen du. Elektronika ez da soilik entzuten: baita bizitzen ere. Bidegurutzeak ez dira igarobideak, baizik eta lurralde posibleak. Dantz Festival-eko informazio guztia dantz.eu/festival webgunean eguneratzen joango da.
+INFO